Estatuko party nagusia den eta Europako handienetakoen artean dagoen Euskal Encounter topaketak balantze oso positiboarekin itxi du 32. edizioa, eguneko 5.000 parte-hartzaile baino gehiago eta 10.000 bisitari izan baititu teknologiaz eta dibertsioz beteriko lau egunetan. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, oso parte-hartze handia izan da programatutako 150 jarduera baino gehiagotan, eta jende asko hurbildu da Opengunera, jendeari irekitako eremura, non tailerrak eta hitzaldiak egin diren.
Bisitari ugari erakarri dituzte, besteak beste, azken berrikuntza teknologikoak aurkeztu dituzten standek, 3D inprimatze-eremuak, gune solidarioak, teknologia hezigarriko tailerrek eta bideojokoen eremuek.
Euskaltel Fundazioak antolatu eta Euskaltelek, Eusko Jaurlaritzak (SPRIren bitartez), Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k babestutako lanpartyak adimen artifiziala, 5Ga eta talentuaren kudeaketa izan ditu ardatz nagusi.
Sabino San Vicentek, ekitaldiaren antolatzaile eta Euskaltel Fundazioko zuzendari nagusiak, eskerrak eman dizkie parte-hartzaileei bilkuraren emaitzagatik, une oro giro ona eta gozatzeko eta ezagutzak partekatzeko bokazioa nagusitu baitira. Azpimarratzekoa da partyko jardueretan izandako parte-hartzea areagotu egin dela iaztik hona; izan ere, aurreko edizioarekiko erregistratutako partaide kopuruaren igoerak baino gorakada handiagoa izan du parte-hartze portzentajeak. Era berean, boluntarioen taldearen lana txalotu du, hilabetetan zehar ekitaldia prestatzeko eta jarduera guztiak kudeatzeko egin duten esfortzuagatik.
Gainera, Euskal Encounterrek datozen edizioetan hazten jarraitzeko apustua egin duela adierazi du. Aurtengo 4.000 postu eta 5.000 parte-hartzaileen ondoren, datozen bizpahiru urteetan 5.000 makina eta 7.000 partaidetara iristea da helburua. Horrez gain, Sabino San Vicentek ziurtatu du emakumeen ehunekoa handitzeko ere lanean jarraitzea duela xede. Kopuru hori apur bat igo da aurtengo edizioan, izena eman duten emakumeen kopurua % 15era iritsi baita.
Adimen Artifiziala
Zalantzarik gabe, adimen artifiziala partyaren funtsezko gaietako bat izan da, bai hitzaldi eta tailerretan izan duen protagonismoagatik, bai aurten arte digitaleko lehiaketetan aplikatutako irizpideagatik. Gizarte-eztabaidaren isla gisa, antolakuntzak erabaki du AA sormen-lehiaketetan barneratzea, hala nola musikan, argazkigintzan edo bideo digitaletan. Edizio honetan adimen artifizialeko proba espezifikoak egin dira, baina hurrengo urteei begira beste edozein baliabide bezala erabiltzeko aukera emango da, “talentua sustatzeko tresna gisa ulertu behar baita”, San Vicentek jakitera eman duenez.
Halaber, 32. Euskal Encounterrek talentuaren kudeaketaren aldeko apustu berezia egin du Talent Corner deritzona ezarriz Opengunean, jendeari irekita dagoen eremuan. Bertan, teknologia talentu pertsonala garatzeko nola erabili ikasi dute bertaratuek eta lan-aukerak ere eskuragarri izan dituzte. Era berean, 5Garen potentzialtasunak ere aztergai izan dira partyan, bai enpresentzat bai partikularrentzat.
Ekitaldia amaitzean, Sabino San Vicentek Euskal Encounter 33 topaketaren datak iragarri ditu: 2025eko uztailaren 24tik 27ra izango da, BECen, urtero bezala.