Euskal Encounterren elkartutako adimen artifizialeko adituek teknologia horren potentzialtasun handiak aztertu dituzte, baina baita haren erabilerak dakartzan arriskuak ere, tresna boteretsua bihurtu baita ziberkriminalitatearen eta gizarte-manipulazioko kanpainen eskura. Arrisku horiek epe laburrean ezabatzea ezinezkoa dirudien arren, ados daude horiek mugatzeko beharra dagoela legediaren eta erabiltzaileen prestakuntzaren bidez.
Japonian Adimen Artifizialeko eta Sistema Kognitibo Autonomoen proiektu batean ikertzaile lanetan ari den Juan Luis López Arangurenek iritzi du adimen artifiziala laugarren industria-iraultza eragiten ari dela, eta aurreko guztietan bezala, lanpostu ugari egokitu egin beharko direla behar berriei erantzuteko. Prestakuntzaren garrantzia azpimarratu du, robotikarekin, programazioarekin eta makinen komunikazio eta gainbegiratzearekin lotutako lan-aukerak handitzen ari direlako.
Inpaktu handiena jasan dezaketen sektoreen artean mugikortasuna aipatu du. Izan ere, auto autonomoen agerpenari eta ibilgailuak soilik ibilbide jakinak egiteko alokatzeko aukerari esker ez da beharrezkoa izango pertsona bakoitzak autoa jabetzan edukitzea. Topaketara gerturatu diren beste aditu batzuek ere aipatu dituzte aldaketa handiak jasango dituzten hainbat arlo; hala nola industria, segurtasuna, osasuna eta hezkuntza-sistema. Kasu horietan guztietan, adimen artifizialaren integrazio-prozesua ikusiko dugula jakinarazi dute, eta ez dela lanpostuen galera zuzena gertatuko.
Hala ere, ados daude aurrerapen teknologiko handi honek dakartzan arriskuekin. Neuroteknologian, Adimen Artifizialean eta robotika adimentsuan doktore eta Diputatuen Kongresuko Adimen Artifizialeko bozeramailea den Juan Luis Pedreñok jakinarazi du duela egun gutxi Europar Batasunean adimen artifizialari buruzko lege bat onartu dutela. Estatu guztietan zuzenean aplikatzen da eta AA sistemek duten arrisku-maila desberdinak sailkatzen ditu, "onartezina" mailatik hasi (pertsonentzat arriskua dakartelako; adibidez, manipulazio kognitiboa, puntuazio soziala, denbora errealean biometria identifikatzeko sistemak…) eta "arrisku nulua" duteneraino. Kasu guztietan, sistema horien baliozkotzea gizakiaren esku egongo da.
Hala ere, araudiak berak bost urtean behin eguneratzeko klausula bat dauka. Pedreñok aitortu duenez, epe hori oso luzea da teknologia honen garapen esponentzialarekin alderatuta, eta herrialde bakoitzean eranskin araudiak izatea proposatu du arrisku zehatzak saihesteko, adimen artifiziala erabiliz nortasuna masiboki ordezkatzea kasu.
Adimen artifizialean aditua den David Martín Barrios software-garatzailearentzat ezinbestekoa da onartzea tresna boteretsu hau asmo gaiztoak dituztenen eskura ere badagoela, eta desinformazioa, erabakietan eragitea eta pentsamendu kritikoa ezabatzea ahalbidetzen duela. Alternatiba gisa, eta erakunde egiaztatzaile inpartzial bat sortzea utopikotzat joz, gizarteari informazioa iturri fidagarriak nola kontrastatu erakustea proposatu du.
Bestalde, Mikel Garcia de Andoin Bolañok, UPV/EHUko eta Tecnaliako adituak, aditzera eman du adimen artifizialaren garapenaren hazkunde esponentziala ez dela denboran zehar jasangarria, eta horrek baliabideen kontsumoa areagotzea ekiditeko aurrerapen berri bat aurkitzea eskatzen duela. Aldi berean, AAren eta konputazio kuantikoaren arteko konbergentzian jarri du arreta, bi eremuetan soluzio hobeak ekar baititzake.
Talentua
32. Euskal Encounterrek talentuaren kudeaketaren aldeko apustu berezia egin du, eta horretarako Talent Corner bat sortu du Opengunean, jendeari irekita dagoen eremuan. Bertan, teknologia talentu pertsonala garatzeko eta lan-aukerak bilatzeko nola erabili aholkatzen diete bai lanpartyko parte-hartzaileei eta bai informazio bila bertaratzen diren bisitariei.
Julieta Reynoso Borrajok (BBK Bootcamps powered by The Bridge) aipatu du enpresentzat talentua erakartzea erronka handia dela teknologia berritzaileak nagusi diren eta garapen betean dagoen mundu batean. Prozesu horretan, belaunaldi berriekin hitz egitea gomendatzen du, filosofia ezberdina baitute eta, ordutegia eta soldataz gain, beste faktore batzuk baloratzen baitituzte: proiektuen interesa, telelana egiteko aukera edo jasoko duten prestakuntza, besteak beste.
Bestalde, lana aktiboki bilatzen ari diren pertsonei gomendatzen die merkatuaren beharrez kontziente izatea prestakuntza osatzeko orduan, baina beti ere euren gaitasunen eta pilatutako esperientzien kontzientziatik abiatuta.