3D inprimatze-teknologia etengabe ari da garatzen. Aplikazio gero eta erabilerrazagoak ditu, bai enpresentzat, bai etxeko erabiltzaileentzat. Objektuak azkar eta zehatz fabrikatzeko gaitasun horrek ahalmen handia ematen dio hainbat arlotan, hala nola industrian, prototipo bat modu errazean egiteko eta moldeen kostua nabarmen murrizteko. Osasun-arloan ere protesiak sortzeko aukera eskaintzen du; adibidez, hortzetako piezak edo aldakak, modu guztiz pertsonalizatuan. Euskal Encounterren elkartutako adituek 3D inprimaketak gaur egun eskaintzen dituen prestazio ugariak aztertu dituzte, eta adimen artifizialarekin lankidetzan aukerak biderkatu egingo direla adierazi dute.
Dibulgazioren aldeko apustua indartzen ari da Euskal Encounter urtez urte. Publikoari irekitako hitzaldi eta tailer mordoa gauzatzen ari dira, parte-hartze maila altuarekin. Aurten protagonismo berezia izan dute, besteak beste, adimen artifizialak eta talentuaren kudeaketak.
3D inprimagailuen fabrikazioan mundu mailako potentzia den Prusa Research enpresako Eliu Marquezek iritzi du teknologia horren garapenak kostuak eta ingurumen-inpaktua murriztea ahalbidetuko duela. Izan ere, edozein elementu tokian inprimatu ahal izango da, munduko beste puntatik ekarri beharrik gabe. Ereduen katalogoa eskura edukitzea nahikoa izango da behar den produktua fabrikatzeko, edozer dela ere: tailer baterako pieza, ateko heldulekua edo pitxer bat. Eta etxeko inprimagailu batean nahiz egokitutako espazio publiko batean egin ahal izango da.
Bestalde, Guillermo Ruizek, Amazon Web Services enpresako kideak, adimen artifizialeko sistema bat aurkeztu du partyan, testu idatzietan soilik oinarritutako 3D diseinu inprimagarriak sortzen dituena. Gauzatu nahi dena deskribatuz, ordenagailuak hiru aukera ematen ditu, eta horien artean nahiago dugun bertsioa inprimatu ahal izango dugu. Teknologia hori oso berria da oraindik, baina izugarrizko potentzialtasuna du; izan ere, edozein pertsonak, inolako ezagutza teknikorik gabe ere, inprimagailura bidal dezake nahi duen diseinua.
StassyBabi ezizena duen Anastasia Mikelita dimentsio artistikoaz mintzatu da. Artista honek zeramikarekiko duen grina 3D inprimaketarekin uztartu du, eta horri esker, buztinezko inprimaketaren bidez pieza paregabe eta liluragarriak imajinatu eta sor ditzake. Hala, zeramika-artearen ohiko mugak gainditu ahal izan ditu.
Era berean, Iván Albuixechek eta Nuria Albesak Elige3D fundatu dute, Espainian tamaina errealeko erreplikak eta estilo eta akabera artistiko desberdinetako pieza pertsonalizatuak egiten dituen lehen enpresa. Jarduera-eremu berri bat zabaldu dute: zinema- eta telebista-produkzioetarako attrezzoa egitea.
Azkenik, fabrikazio aditiboan eta 3D inprimaketan espezializatutako Abadia Tecnológica enpresak ikerkuntzaren arloa gertura tu Euskal Encounterrera, 3D inprimaketarako material berriak esploratzeko sistema bat ekarri baitu topaketara. Ikerketa horri esker, propietate berrietan oinarritutako piezak sortu ahal izango dira; adibidez, beroaren edo substantzia erradioaktiboen aurka erreakzionatzen dutenak. Ezaugarri horiek erabilera eta prestazio berriak ahalbidetuko dituzte.
5G teknologia
Norberto Ojinaga Goitia Euskaltel-MasOrange enpresako Technology Solution arloko zuzendariak 5G teknologiaren abantailak eta potentzialtasunak aztertu ditu bere hitzaldian. Besteak beste, nabarmendu du teknologia horrek aukera ematen diela munduko hiri nagusiei trafikoari, pertsonei eta azpiegiturei buruzko datuak denbora errealean biltzeko, erabakiak hartze aldera; eta osasun-arloa ere aipatu du, pazienteen urrutiko monitorizazioa eta urruneko kirurgia errazten baititu bereizmen handiko bideoen bidez. Aldi berean, 5G bereziki interesgarria da larrialdi-zerbitzuentzat, egungo teknologia hobetzen baitu. Eta industria-esparrua ere aipatu du, zehaztasun handiz lokalizatu baitaiteke ekoizpen-planta bateko edozein elementu denbora errealean.
Etorkizunean, Ojinagak aurrerapen garrantzitsuak aurreikusi ditu adimen artifizialaren eskutik. Ibilgailu elektrikoak, gidatze autonomoa, eraikuntza adimenduna, sare adimendunen proiektuak eta urrutiko lana bultzatuko direla adierazi du.