Euskal Encounterren 32. edizio honetako milaka parte-hartzaileak euren postuetan daude dagoeneko, teknologiaz, prestakuntzaz, dibertimenduz eta ikaskuntzaz beteriko lau eguni aurre egiteko prest. Edizio honetan, ardatz nagusiak adimen artifiziala, 5Ga eta talentuaren sustapena dira. Hala, bokazio teknologikoak bultzatzeko eta lan-aukerak errazteko espazio espezifikoa hartuko du topaketak.
Gaur eguerdian hasi da ofizialki Estatuko party nagusia eta Europako handienetarikoena den bilkura, baina jada atzo hasi ziren BECeko 5. pabiloira gerturatzen teknologia berrien zaleak, zeinak hirigune digital bihurtu duten 35.000 metro koadroko esparrua. Edizio honetako agendak 150 jarduera baino gehiago eskaintzen dizkie, hitzaldiak, tailerrak eta berrikuntza teknologikoak aurkezten dituzten standak barne. 3D inprimaketako eremua, erakunde solidarioen standak, teknologia hezigarria eta bideojokoak ere izango dira tarteko.
Inaugurazio ekitaldian, Xabier Iturbe Euskalteleko presidenteak nabarmendu du urtez urte gisa honetako makroekitaldia martxan jartzea eta 32. ediziora hain indartsu iritsi izana oso harro egoteko arrazoiak direla. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko eta Ekintzailetzako zuzendari Leyre Madariagak adierazi du Euskal Encounter egungo gizartearen "haize-aldaketak" aprobetxatzeko elkargune onena dela. "Babeslekuak eraiki beharrean errotak altxa behar ditugu, gizarte digitalagoa eta konektatuagoa lortzeko".
Ekitaldiaren irekieran Nora Sarasolak, BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak, Euskal Encounterrek talentua indartzearen alde egiten duen apustua azpimarratu du, "ikasteko, ondo pasatzeko eta partekatzeko" lekua baita. Opengunean, publikoari irekitako eremuan, ezarritako Talent Corner deritzona horren adibide da; izan ere, "teknologia erabiltzen da bertan talentua garatzeko eta lanerako aukerak eskaintzeko”.
Sabino San Vicente, Euskaltel Fundazioko zuzendari nagusi eta Euskal Encounterreko koordinatzailea, pozik agertu da Euskal Encounterren harrera onagatik, aurten pandemia aurreko partaidetza-mailara iritsi baita. Azkenik, eskerrak eman dizkie ekitaldiaren antolakuntzan parte hartzen duten boluntarioei, eta haien “dedikazioa eta konpromisoa nabarmendu ditu, ezinbestekoak baitira partyak arrakasta izan dezan".
Opengune
Openguneak, parte-hartzaileak eta bisitariak biltzen dituen guneak, 50 prestakuntza-jarduera baino gehiago eskaintzen ditu, eta egunean 2000 pertsona inguru biltzea espero da. Horien artean, SPRIk Enpresa Digitalaren bitartez antolatutakoak daude, enpresa-ehunaren prestakuntza sustatzeko, adimen artifizial sortzailearen, machine learning-aren edo bideo-jokoen inguruan, besteak beste.
Antolatzaileek interesa duten pertsona guztiak gonbidatzen dituzte ekitaldia eta stand-gunea ezagutzera. Bertan, helduek zein adingabeek azken berrikuntza teknologikoak deskubrituko dituzte, baita giro paregabeaz gozatu ere.
Euskal Encounterrek ohiko atalak izango ditu: sormen digitala, hardwarea, software librea, jokoak eta programaziorik ludikoena biltzen duen ‘Beste jarduerak’ atala. Sabino San Vicentek azaldu duenez, ekitaldira bertaratzen diren pertsonek arte digitaleko 20 lehiaketatan parte hartzeko aukera izango dute. Bertan, kategoria ezberdinetako sorkuntza grafiko eta ikus-entzunezko onenak sarituko dituzte. Bideojokoen 72 txapelketetan edo software libreko probetan ere parte hartu ahal izango dute, non informatikariak eta programatzaileak lehiatuko diren hacking, alderantzikatutako ingeniaritza, kriptografia, logika eta puzzleekin lotutako erronkei aurre egiteko.
Aurten, partyak Streaming gunea ere izango du. Eduki sortzaileei bereziki zuzendua dago, mundu digitalean hedapen izugarria duen sektorea baita. Atal honek oso harrera ona izan du egin diren bi edizioetan, eta, beraz, egitarauan finkatzea lortu du.
Euskaltelek, Eusko Jaurlaritzak (SPRIren bitartez), Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k babesten dute ekimenaren 32. edizioa.