Estatuko party nagusia eta Europako handienetarikoa den Euskal Encounter topaketak muntaia erraldoia ezarriko du BECen. Uztailaren 25 eta 28 artean, kable, mahai eta stand andana eta 4.000 ordenagailu hartuko ditu, baita teknologia berrien milaka zale ere. Xabier Iturbe Euskalteleko presidenteak lantalde teknikoaren ahalegina nabarmendu du, Internetera konektatzeko segundoko 60 gigabiteko abiadura ezartzeko egindako lanagatik. Gainera, Euskaltel Fundazioaren antolakuntza txalotu du, 150 jardueratik gorako programa osatu baitu. Halaber, publikoari irekitako esparruan, hitzaldi, tailer eta standak egongo dira, bai eta 3D inprimaketarako eremua, stand solidarioak, hezkuntza teknologikorako guneak eta bideojokoen industriarekin loturiko espazioa ere.
Euskaltelek, Eusko Jaurlaritzak (SPRIren bitartez), Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k babestutako makroekitaldi honen 32. edizioak adimen artifiziala, 5Ga eta talentuaren kudeaketa izango ditu ardatz, eta programazioa, konputazio kuantikoa eta zibersegurtasuna bezalako gaiak ere jorratuko ditu. Sabino San Vicentek, Euskaltel Fundazioko zuzendari nagusi eta ekitaldiaren koordinatzaileak, adimen artifizialak datozen urteetan Euskal Encounterren izango duen papera azpimarratu du. Eztabaida luzearen ondoren, tresna hori lehiaketetan sartzea erabaki du antolakuntzak. "Aurten adimen artifizialerako proba esklusiboak izango ditugu, eta hurrengo edizioetan jarduera guztietan erabiltzeko aukera emango dugu. Orain arte, teknologia hori baliatzen zuten lehiakideak bilatzen genituen probetatik deskalifikatzeko, baina jada ez du zentzurik AAren aurka borrokatzeak; talentua sustatzeko tresna bat bezala ulertu behar dugu".
Joseba Mariezkurrena Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza, Talentu eta Enpresa Lehiakortasuneko zuzendariak adierazi duenez, "harrotasuna eta poza" ematen dio foru-erakundeari ekitaldi hau babesteak, "erreferentea delako sektorean eta enpresen digitalizazioa bultzatzen duelako". Era berean, "teknologiaren eta sormenaren festa honetan" parte hartzeko deia egin die pertsona guztiei, "beste zale batzuekin konektatzeko eta ezagutzak partekatzeko aukera paregabea" baita.
Opengunera, parte-hartzaileak eta bisitariak biltzen diren eremura, egunero 2.000 pertsona inguru gerturatzea aurreikusten dute antolatzaileek. Bertan, 50 prestakuntza-jarduera baino gehiago izango dira, eta horien artean daude SPRIk Enpresa Digitalaren bidez antolatutakoak adimen artifizial sortzailea, ‘machine learning’ delakoa edo bideojokoak bezalako gaien inguruko prestakuntza bultzatzeko. Era berean, Leyre Madariagak, Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko eta Ekintzailetzako zuzendariak, Camp Tecnológico ekimenak haurrei zuzendutako robotikako 12 tailerrak azpimarratu ditu.
Talentua sustatzea izango da aurtengo edizioaren lehentasunetako bat. Horretarako, Opengunek ‘Talent Corner’ bat izango du, "enpresak eta mundu digitalean iaioak diren pertsonak konektatuko dituen" gune bat, kontratazioa sustatzeko helburuarekin, Nora Sarasola BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak azaldu duenez.
Partyko atalak
Euskal Encounterren ohiko atalak ere izango ditugu: sormen digitala, hardwarea, software librea, jokoak eta programazio ludikoena biltzen duen ‘Beste jarduerak’ arloa. Sormen digitaleko 20 lehiaketa, 72 bideojoko txapelketa eta informatikari nahiz programatzaileak elkarlanean jarriko dituzten software libreko erronkak izango dira, besteren artean. Azken arloko Hack It lehiaketa ospetsua aipatu du Sabino San Vicentek, zeinak hacking, atzerako ingeniaritza, kriptografia, logika eta puzzleen inguruko ezagutzak dituzten aditu taldeak biltzen dituen proba konplexuak gainditzeko.
Streaming arloa ere mantenduko da aurten, eduki-sortzaileek ere euren lekua izan dezaten partyan. Atal honek harrera bikaina izan duenez egindako bi edizioetan, espazio finkoa lortu du programaren barruan.
Parte-hartzaile eta emakume gehiago
Euskal Encounter handitzen jarraitzeko aurreikuspena dago. "Pandemiarekin eta ondorengo urteetan, ohi baino zifra baxuagoetan mantendu dugu ekitaldia, baina, azkenik, 4.000 ordenagailutara iritsi gara, edizio askotan izan dugun bataz bestekora; eta datozen bizpahiru urteetan 5.000 ordenagailutara bueltatzea gustatuko litzaiguke". Topaketa teknologikoen ezaugarri den genero-arrakalari dagokionez, San Vicentek ziurtatu du emakumeen ehunekoa handitzeko lanean jarraitzea dutela helburu. Aurten, hain zuzen, igoera txiki bat izan da, izena eman duten emakumeen kopurua % 15era ailegatu baita.
Topaketa teknologikoaren arduradunak BECera hurbiltzeko gonbita egin die herritarrei, publiko eta ezagutza-maila guztientzat pentsatutako Openguneko jarduera-programa zabalaz goza dezaten.