Euskal Encounter 32 topaketak 4.000 ordenagailu eta 150 jarduera baino gehiago eskainiko ditu BECen

Astebete falta da Euskal Encounter 32 topaketari hasiera emateko. Teknologia berriak gustuko dituzten milaka zalek hartuko dute parte ekimenean. 96 orduz 150 jarduera baino gehiagotan esku hartzeko aukera izango dute: prestakuntza ekintzak, jarduera solidarioak eta lehiaketak, besteak beste. Edizio honen ardatz nagusiak adimen artifiziala, 5Ga eta talentuaren kudeaketa izango dira.

Antolatzaileak pozik agertu dira zaleen harrerakin, beste behin ere Euskal Encounter handi bilakatu dutelako. Estatuko party nagusia da BECekoa, bai tamainari, bai parte-hartzaile kopuruari eta bai beteranotasunari dagokienez. Covidaren kolpeaz geroztik, pixkana hazten joan da bilkura, eta hurbildu da jada pandemia aurreko zifretara.

Euskal Encounterren apustu nagusietarikoa prestakuntza sustatzea da, eta aurten 50 tailer eta hitzaldi baino gehiago izango dira gaurkotasun teknologikoaren, adimen artifizialaren, 5Garen eta talentuaren kudeaketaren inguruan. Hitzaldiek beste gai batzuk ere jorratuko dituzte, hala nola programazioa, konputazio kuantikoa eta zibersegurtasuna.

Aurten ere, Opengunea, publiko orokorrari irekitako eremua, hartuko du BECek. Bertan, informatikaren sektoreko enpresek beren produktuak aurkeztuko dituzte, eta hitzaldiak eta tailerrak egingo dira doan. Aurtengo berrikuntza gisa, talentuaren topagunea izango da, ‘Talent Corner’ izenekoa, BBK Bootcamps ekimenaren eskutik.

Elkartasuna

Opengunearen edizio honetan leku berezia izango du elkartasunak. Hain zuzen, stand solidarioak jarriko dituzte Euskadiko Odol Emaileak, Médicos Sin Fronteras eta Haszten erakundeek, eta hainbat sentsibilizazio-ekintza egingo dituzte.

Médicos Sin Fronteras elkarteak, kasu, Escape Room joko bat antolatu du ebolaren inguruan. Parte-hartzaileek gaixotasun horren agerraldi bati lehenbailehen erantzun beharko diote, mediku talde baten azalean jarriz. Ebolaren Tratamendurako Zentro batean sartu beharko dute beren lankideei erreleboa emateko. Aurretik, baina, babesteko ekipamenduaren elementu guztiak aurkitu beharko dituzte, salbu egoteko eta gaixotasunaren aurkako borrokan kutsatzea saihesteko.


Jarduera-arloak

Euskal Encounterren ohiko atalak ere izango ditugu: sormen digitala, hardwarea, software librea, jokoak eta programazio ludikoena biltzen duen ‘Beste jarduerak’ arloa. Sormen digitaleko 20 lehiaketa, 72 bideojoko txapelketa eta informatikari nahiz programatzaileak elkarlanean jarriko dituzten software libreko erronkak izango dira, besteren artean.

Streaming arloa ere mantenduko da aurten, eduki-sortzaileek ere euren lekua izan dezaten partyan. Iazko berritasuna izan zen arlo hori eta, harrera bikaina izan zuenez, programan barneratzea erabaki dute. Partaideek esperientziak eta ezagutzak partekatzeko aukera izango dute bertan.

Euskaltel Fundazioa arduratzen da Euskal Encounter antolatzeaz, Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bitartez), Bizkaiko Foru Aldundiaren, BBKren eta Euskaltelen babesarekin. Partyaren Interneterako sarbide bizkorra, segundoko 60 gigabitekoa, Euskaltelek eskaintzen du.

Antolatzailea

Euskaltel Fundazioa
Euskalamiga Elkartea

Ahotsa:

943-533696 (9:00-13:30 eta 15:30-19:30 CET, astelehenetik ostegunera eta 9:00-13:30 ostiraletan)

Edozein galdererako:

olatz@euskalencounter.org

Partynet:

https://www.party.eus

Discord:

https://discord.party.eus

Prentsa arduraduna:

Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 688 92 90 88
E-mail: press@euskalencounter.org
 
 
 
 
 

x facebook youtube instagram  twitch