Araudi Orokorra - Streaming

Arau hauek betetzen ez dituen lan oro automatikoki deskalifikatuko da.

Kontrakoa adierazi ezean, lehiaketa eta jardueretan erabil daitezke ekitaldiaren aurretik sortutako materialak. Esate baterako, aurkez daitezke ekitaldiaren aurretik sortutako alertak eta overlayak.

Parte-hartzaileak aurkeztutako materialen eskubideak izan behar ditu, bai materiala berak sortua delako (klipik biralenaren sarian, kasu), bai artista sortzailearekin akordio batera iritsi delako (overlay edo alerten lehiaketaren kasuan).

Jabari publikokoak diren materialen kasuan, edo eratortzeko aukera duten Creative Commons artxiboen kasuan, parte-hartzaileek baliozko lizentzia bat izan behar dute material horiek erabili ahal izateko (adibidez, audio-laginen edo argazki komertzialen kasuan, dagokion lizentzia eskuraturik eduki behar dute) eta material hori erantsitako .txt fitxategian identifikatu behar dute.

Sarrera bakarra onartuko da lehiaketa edo jarduera bakoitzeko eta parte-hartzaile bakoitzeko.

Originalak eta royaltyrik gabeak izan behar dute lanek, eta inongo lehiaketatara aurkeztu gabeak.

Erakundeak izendatutako epaimahai batek baloratuko ditu aurkeztutako lanak, jarduera bakoitzari dagozkion irizpideetan oinarrituta, hala nola sormena, originaltasuna edo teknika.

Lehiaketa horretan parte hartzeak berekin dakar haren arauak eta epaimahaiaren erabakia onartzea.

Lanen aurkezpena

Parte-hartzaileek intranetean eman beharko dute izena, eta zer kategoria, lehiaketa edo jardueratan parte hartu nahi duten adieraziko dute. Parte-hartzailea da entregaren azken arduraduna, eta egiaztatu behar du behar bezala kargatu dela entregatzen duena.

Lanak fitxategi konprimatu batean (ZIP) entregatu behar dira, azalpen labur bat (hiru lerrokoa, gehienez ere) duen txt batekin batera.

Sariak

Lehiaketek gutxieneko parte-hartzaile kopuru bat izan behar dute saria eskuratu ahal izateko. Antolakuntzak erabakiko du zein den gutxieneko parte-hartzaile kopurua.

Sariak eskudirutan:

Dirutan emango diren sariek dagozkien atxikipenak izango dituzte indarrean dagoen legeriaren arabera. Kasuan-kasuan aplikagarri den beste edozein zeharkako zerga ere zenbatekoaren barruan dagoela joko da.

Banku-transferentzia bidez egingo dira ordainketak. Ordainketa egiteko behar diren datuak posta elektronikoz bidali behar zaizkio ekitaldiaren antolatzaileari, adierazitako epean.

Sariak baletan:

Sariaren balioa duen kode bat emango da, eta denda fisikoan eskaera egitean trukatu ahal izango da.

Software- edo hardware-sariak:

Saria irabazleak berak jaso behar du sari-banaketan. Irabazleak ezin badu, aurrez izendatutako beste pertsona batek jaso dezake, baina, izendapena egiteko, idatzi bat egin behar da, irabazlearen NANarekin. Ez da software- edo hardware-saririk emango sari-banaketatik kanpo.

Apelazioak

Aurkeztu den jardueran aurkeztutako lanak aztertu nahi dituen Streaming ataleko edozein parte-hartzailek, posta elektronikoz edo aurrez aurre eskatu ahal izango dizkio arloko arduradunari, jarduera hori pantailetan proiektatu eta ordubeteko epean.

Apelatzeko epea ekitaldiaren azken eguneko goizeko bederatzietan amaituko da, kontrol-postuan edo posta elektroniko bidez:

Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

Apelazio bat aurkezten baldin bada epe barruan, bigarren balorazio bat egingo da sari-banaketa baino lehen, zeinaren epaia apelaezina izango baita.

Oinarrietan aurreikusi ez den edozein gai epaimahaiak edo antolakuntzak ebatziko du.

 

x facebook youtube instagram  twitch